2017(e)ko ekainaren 5(a), astelehena

DONBASS INPERIALISMO ETA NAZI-FAXISMOAREN JOPUNTUAN


DONBASS INPERIALISMO ETA NAZI-FAXISMOAREN JOPUNTUAN

(Artikulua PDF-n deskargatzeko esteka HAU sakatu)

 

2017ko udaberri honetan Ukrainako ekialde eta Errusiako mendebalde artean, Don ibai kaudalatsuaren hegoaldean eta Europako ikatz mehategi nagusienen ikur historiko izan den eskualdean kokatzen diren Donetsk eta Luganskeko Herri Errepubliken sorreraren hirugarren urteurrena bete da.
Hiru urte joan dira lurralde horietako herritarrek demokratikoki Ukrainatik banatzea eta lurralde-egitura politiko berria sortzea erabaki zutenetik. Ukrainako osotasunean bereziki 2014tik aurrera sendotze etengabean dauden alderdi, bataloi eta antolakunde nazi-faxistek duten inpunitatea eta estatuaren egitura guztietan hauek duten garrantzia ukaezinak, inperialismoak eragindako gerra agertoki iraunkorra bilakatzeaz gain, erresistentzia antifaxistaren eta duintasunaren ikur bihurtu dute Donbasseko lurraldea.

2013ko amaiera: Euromaidanaren hasiera, bortizkeria eta kamuflatutako estatu kolpea.

Europar Batasuneko kide izateko eta aldaketa “aurrerazaleak” eskatzeko mobilizazioen izaera baketsua, hasi eta gutxira bilakatu zen luzera doan ametsgaizto honen erdigune. Europarekiko “hurbilketa” eta Errusiarekiko apurketa zen manifestariek aldarrikatzen zutena, egoera sozioekonomiko kaxkar batek eragindako haserreak ezaugarritutako testuinguruan. 
George Soros bezalako putreen fundazioek, Banku Mundialak, Pentagonoko belatzek, CIAk, NATOk eta Europar Batasuneko agintari eta inteligentzia zerbitzu nagusiek itzaletik babestu eta maneiatutako Maidan mugimendu honek talde ultranazionalista eta nazi-faxisten protagonismoa erakutsi zigun egunez egun hedabide burgesek aurkezten zizkiguten berrietako irudietan. 

Euromaidaneko "oposizio demokratikoa"




Duela urte batzuk estatu espainolean bizitako “suminduen” agerpenaren antzera Kiev hiriburuan hasitako zerbait, historikoki Errusiarekin izandako hartueman ekonomiko, politiko eta kultural oro modurik bortitzenean suntsitzeko helburua hartu zuen, ederki antolatutako neurriz kanpoko bortizkeria erabiliz aipatu talde horien aldetik. 
Sobietar Batasunak okupazio nazia pairatu zuenean, Ukrainako indar atzerakoi, nazionalista eta burges batzuk bat egin zuten okupazio kriminalarekin. 
Ucranios
Ukronazi kolaborazionistak


Stepan Bandera izan zen, besteak beste, liderrik nabarmenetakoa, UPA deiturikoaren fundatzailea. Bere ideiak berreskuratu eta aldarrikatzearekin batera, Errusiarekin harreman ekonomikoak mantentzearen aldeko Yanukovich presidentea boteretik kentzea lortu zuten eta bere ordez Petro Poroshenko entrepresari aberatsa eta europarzalea jarri zuten. 
Stepan Banderaren oroimen martxa nazi-faxista

Aipatu beharra dago frankotiratzaile batek Maidaneko manifestarien aurka tiro egin zuela eta hildakoak eta zaurituak eragin eta gero, gobernuaren aurkako protesten bortizkeria izugarri hedatuta zegoela eta, “oposizio demokratiko” honetako buruzagiek gobernuari egotzi zioten gertakariaren ardura, borrez eta ezkutuz baino armatuta ez zegoen poliziari gobernuaren beraren aginduz tiro egin izana leporatuz. 
Gaur egun gauza frogatua da gertakari hauek guztiak Maidan mugimenduaren kontrola itzalpetik kudeatzen zutenek eginiko probokazio planifikatua izan zela, besteak beste, biziki gomendatzen dugun eta YouTuben debalde ikusgai dagoen Oliver Stone zinemalari ospetsuak 2016ko amaieran aurkeztutako Ukraine on Fire erreportaian argi uzten denez.

2014eko maiatza: Odessako sarraskia

Maiatzaren Lehenean kalera irtendako langile antifaxistek Ukrainako federalizazioaren inguruko erreferendum baten aldeko eta faxismoaren aurkako oihuen artean egin zuten manifestazio jendetsua non eta 1917ko Urriko Iraultza boltxebikearen irakaspen paregabe eta aurrekari zuzen izandako 1905eko altxamenduaren ikur berezi izandako Odessan. 

Behin manifestazioa amaituta, Sindikatuen Etxean geratu ziren manifestarietako batzuk, boterearen deszentralizazioaren, errusieraren ofizialtasunaren eta kanpo politikaren inguruko erreferenduma eskatzeko sinadura bilketa bati ekiteko. Biharamunean, nazi eta futbol zaletuen artean mozorrotutako militar ultranazionalistaz osatutako beste manifestazio bat abiatu zen Sindikatuen Etxeraino eta bertan zegoen kanpalekua erre eta gero, eraikinari su eman zioten, bertan babesa hartu zuten antifaxisten artean, gutxienez, 43 hildako eta ehun zauritu baino gehiago eraginez ordu luzez luzatutako egun beltzean. 
Ukrainako Femeneko buruzagietako bat Odessako sarraskian
Aldez aurretik planifikatutako eta gidatutako gertakari hauek inpunitate osoz burutu ziren eta gaur arte, ez dago ez atxiloturik ez ikerketarik martxan, gaiari buruz ikusgai dauden bideo guztietan poliziak ere parte hartu zuela ikus daitekelarik. Izuaren eta sarraskiaren estrategia, berriro ere, herriak elkarren aurka xaxatzeko, desoreka zabaltzeko eta batez ere, ardatz inperialistarekin bat egiten ez duten herrialdeak isolatzeko eta bestelakoekin dituzten harremanak eteteko, kasu honetan Errusiaz ari garelarik.   
Manifestazio nazi-faxista Kiev-en Azob bataloiaren banderekin

Estatu kolpearen eta erregimen faxistaren aurrean Crimea, Donetsk eta Lugansk badoaz.
Crimea 1954. urtean txertatu zuen Jruschevek Ukrainan. Lotura artifizial honen bidez eskertu nahi izan zion SESBeko Alderdi Komunistaren Ukrainako alderdikideei bera boterean igoarazten emandako laguntza. 
Errusia izandako lurraldeak, Errusiar Federazioan sartzea erabaki zuen aho batez herri-erreferendumean 2014eko martxoan, Kieveko gertaerek eragindako egonezin herritarrak bultzatuta aurreratutako bozketan. 


















Erreferendumaren aurrean Krimean jarritako propaganda




























Erreferenduma eta gero Krimean burututako ospakizunak

Maiatzaren 11an, Donetsk eta Luganskeko Herri Errepublikak sortzea erabaki zuen bertako herritarren gehiengo nagusiak. Ordura arte Ukrainan integratuta egondako arima mehatzaridun lurralde hauen identitate nazionala errusiarra izan da betidanik eta boterean talde nazi-faxisten oldarraldiari esker ezarritako oligarkia errusiafoboa ikusirik, Ukrainan ezer egitekorik ez zutela sentitu zuten. 
Erreferendumaren aurrean jarritako propaganda Donetsken


Sobiet Batasunean, herrien, hizkuntzen eta adierazpen kultural ezberdinen arteko elkarbizitza baketsua eta begirunea nagusi zen eta horrek eragin zuen, sistema ekonomiko eta politiko sozialistak bultzatutako babes, balore eta aurrerapenaz harro sentitzen ziren herritarren arteko batasunaren izaera kolektibo eta plurinazionalaren sendotzea. 
Behin hori desagertuta, Sobietar Batasuneko herri bakoitzean emandako kapitalismorako itzulerak ezaugarri propioak izan zituen kasuz kasu, nazionalismoak ezaugarrituta gehienetan eta, zoritxarrez, ezinikusiak, xenofobia eta arrazakeria erakarriz berarekin. Anai-arreba ziren herriak elkarren aurka jartzea izan zen inperialismoaren eta bertoko nazio bakoitzean indartutako burgesia eta burokrazia “sobietar” degeneratu eta ustel bakoitzaren xedea. Honek guztiak zedarritzen du egungo egoeraren testuinguru historikoa, azken batean, sozialismoak utzitako ondarea eta hurbil sentitzen duten lehenaldi horren handitasunak bultzatutako sentimenduek, Errusiara begira jarri ditu izaera nazional bera dituzten eskualde hauek.

Erreferenduma Lugansken


Baina ez hori soilik. Sobietar Batasunaren itzal luzeak etorkizunez beteriko memoria iltzatu du bere baitan biltzen ziren herrien nortasun kolektiboaren baitan. Eta honek sozialismorako itzuleraren aldeko nahia, oligarkiaren aurkako jarrera, antifaxismoaren gorazarrea, ongizate sozialaren defentsa,… bezalako aldagaiak barne hartzen ditu, batzuetan modu kultural edo difusoagoan azaltzen badira ere. 
Eta, egungo testuinguruan ulergarri eta gaindigarri suertatzen diren kontraesanak kontraesan, horren erakusle garbia da guretzat Donbasseko lurraldea, Novorossia deitzen dutena.     


Herri Errepubliken aldarrikapen hauek sutan jarri zuten “Ukraina Handiaren” defendatzaileak. Espetxetik zuzenean ateratako gaizkilez, eta bataloi eta eskuadra nazi-faxistekin osatutako armada sasi-erregular baten bidez, AEBk eta EBk jarritako aditu eta instruktoreekin, hornitutako gerra-materialarekin, erabateko babes eta gerra-krimenak burutzeko karta zuriarekin, Donbasseko herria erasotzeari ekin zioten gupidagabe, gainontzeko Ukrainako lurraldeetan, indarrez, dekretuz eta hauteskunderik gabe konstituzio ukrainarra ezereztatuz, erregimen faxista zabal baten legeria eta errepresioa indarrean sartzen zuten bitartean. Eta ordudanik, duela hiru urtetik hona, Erresistentzia Antifaxista egituratu eta egikaritzeak eta eskubide demokratikoak defendatzeak masa-hiltzaileek domeinatutako bloke menperatzaile inperialistaren esku dagoen mundu honetan zer garesti ordaintzen den bistaratzen ari dira bertoko herritarrek euren borroka eta duintasunerako azaltzen ari diren adoreari esker.



 

Minskeko itun biak eta tragedia humanitarioa

Angela Merkelek, François Hollandek, Vladimir Putinek eta Petro Poroshenkok parte hartu zuten mahai inguru hauetan OSCEren –Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundea- bultzadaz, izan ere, bi itun izan direlako Minsken: 2014eko irailaren 5eko protokolo adostua lehena eta 2015eko otsailaren 11ko ituna bigarrena.

Bielorrusiako hiriburuan eta Aleksander Lukashenko presidentearen eskutik ospaturiko elkarrizketa hauek, Ukrainiar Armadak Devaltsevo hiriaren inguruan pairatutako porrot militar galantaren ondorio zuzena izan ziren. Gatazkari zeharkatu ezineko nondik norakoak finkatzeko asmoa azaldu zuten Errusiak, Ukrainiako gidari berriek eta errepubliketako ordezkariek. Erabili ezineko armamentu mota, preso trukaketa, Donbasseko lurraldeen etorkizuneko estatus berezi bat aintzat hartzeko aukera,…. Islatu ziren bertan.

Egiari zor, Errepubliketako arduradunek ez dute konfiantzarik izan akordio hauetan, egunez egun ikusi dutelako herritar eta azpiegitura zibilak bonbardaketen xede izaten, are, bigarren ituna onartu nahi ez zutela adierazi zuten, modu batera ala bestera, azkenean, denbora irabazteko eta erasotutako herri gisa, ukrainarren basakeria salatzeko baliatu dituztelarik. Errusiak bertan jokatu duen paperaz asko hitz egin da, batez ere errepubliken ordezkari lana zer punturarte bete duenaren inguruan.

Novorossiako herritarrek argi daukate Kieveko Junta deuseztu artean bakean bizitzerik ez dutela izango. Hortaz, asko izan daitezke gatazkari, behin betiko amaiera baino, nolabaiteko aldakuntza erakarri diezaioketen aldagai posibleak, batzuk besteak baino egingarriagoak iruditzen bazaizkigu ere batzukk aipatuko ditugu:

                  -Batez ere, Estatu Batuek eta Errusiak hitzarmen bat egitea eta beraren bidez Ukrainari Donbass bakean utz dezala inposatzea eta trukean, Donbassek estatus politiko berezi bat hartzea. Aukera honek kasko urdinen parte hartzea erakarri lezake eta Nazio Batuen aldetik inplikazio biziagoa gatazkan epaile gisa arituz. Gatazka izozteko aukera litzateke, beti ere aurkarien nahiak aldatu gabe.  

                  -Kieveko Juntak, herrialdea ekonomikoki hondoratuta daukalarik, aurrera egiteko aukerarik ez izatea eta goranzko bidea hartzen doan herri-haserreak matxinada berriak piztea, egoera sostengaezina bilakatzeraino Ukrainan bertan. Besteak beste, Europak, banku Mundialak edo Nazioarteko Diru Funtsak inbertitutako dirutzak agortzen doaz eta adinduen pentsioak, langabetuentzako laguntzak, frontean hildako soldaduen familientzako konpentsazio funtsak, osasungintzak eta hezkuntzak pairatzen duten ahanztura… agertoki tragikoa aurkezten digute. Alegiazko matxinada berri hauek izaera sozialista-antifaxista-aurrerazalea edo ultranazionalista-erreakzionarioa izatea beste auzi bat litzateke. Ukrainian Errusiarekin harreman ekonomiko historikoak berreskuratzearen aldeko gobernu berri bat osatzea ez zaigu batere egingarria iruditzen momentuz. 

                  -Alde batek bestearen gaineko garaipen militarra erdiestea. Gatazkari eman beharreko intentsitatea Ukrainatik kanpo erabakitzen dela argi daukagu, hortaz, Donbass aire bidezko bonbardaketen bidez suntsitzea ala lurreko fronteko borroketan aritzea inperialistek hartuko duten erabakia da. Honekin batera, eta Errusia euren jo puntuan dagoenaz jabetuta, Donbassen defentsa militar irekian aritzeko interesik ez duela bistan da, onarpen instituzionala eta ofiziala (dokumentuak, egiaztagiriak,…) zein laguntza humanitarioa bideratzen duen arren mugaren bestaldetik, errefuxiatuak jasoz.  

                  -Errepubliketan udara aldean ospatu beharreko hauteskundeetan emango diren emaitzek ere garrantzia izango dute epe motzean. Errepublikek hartuko duten izaera, eta batez ere, hautatuko duten eredu ekonomikoaren ezaugarritzeak “soilik” Errusiarekin batzeko ala prozesu eraldatzaile bat martxan jarriko duten zehaztuko dute. Errusia ere, ardatz inperialista atlantiarraren aldetik jasaten ari den presio ekonomiko eta militar guztiarekin, ez luke printzipioz izaera iraultzailea izan dezaketen mugimendu indartsuak bere barne politikan eragin kutsakorrik izatea baimenduko. Guk, arreta biziz jarraitzen dugu aukera hau, errepublikek iragan sobietarreko antolaketa eta baloreak gure mendera ekarri baitituzte, klase borrokaren eta sozialismo edo justizia sozialaren irizpideak mahaigaineratuz eta bertoko zein Europako beste latitudeetako antifaxiston belaunaldi berriei lehenaldiaz ikasteko aukera ematen.     

Minskeko akordioen izenpetzea eta gero, dozenaka alditan hautsi dituzte talde ukronaziek eta armada desantolatu ofizialak berak besteak beste, Europar Batasunaren edo Nazio Batuen Erakundearen ixiltasun eta baimenarekin. Mortero, misil edo kanoikaden bitartez zibilen kontra aritzen dira ia egunero xede militarrak ahaztuta eta lurreko borroketan aurrera egiterik ez dutela ohartuta. Gatazkaren ondorio humanitarioak larriak dira oso: 12.000 zibil inguru hilik, ia 20.000 zauritu, bi milioitik gora lekualdatu, 8000 hildako,…. Ospitalen eta eskolen aurkako erasoak, oinarrizko azpiegituren kontrako sabotaiak, hirien suntsiketa egunerokoa dira bertan.

Elkartasun antifaxista hedatuz doa

Maidango gertakariek europar antifaxistak hunkitu gintuzten. Garai sobietarreko eta bereziki 1945eko Garaipen Handiaren zantzu sinboliko edo kultural oro legez kanporatu eta erauzteari ekiten ikusi genuen Maidango mugimendu hau eta gerora indarrean sartutako inolako zilegitasun demokratikorik gabeko botere politiko berriaren aparatu sozial eta militarrak. Museo, monumento eta arrasto horien eta lehenaldi loriatsuaren memoriaren defentsan, euren bizia arriskuan jartzen duten bertoko aiton-amonen eta gazte antifaxisten duintasunak hunkitu gintuen. Ukrainako errepublikaren ezagutza eta ezarpen politikoaren bultzatzaile nagusi izandako Leninen estatuak suntsitu eta desagertaraztearekin batera, sindikatu eta alderdi iraultzaile eta bestelakoak legez kanporatzearekin eta kideen espetxeratzearekin batera, kanpotarren aurkako eraso xenofobo eta bereziki errusiarfoboen biderkatzea, homosexualen aurkako progromak, klase xumeen aurkako terrorismo ekonomikoa,… erabateko inpunitate legalarekin ezarri egin dira, eguneroko ogi bilakatzeraino.


2016ean Donbassera joandako karabana



Banda Bassottiko kideak eta Europako beste antifaxistak aurtengo karabanan


Kapitalismoaren gainbeherak ezaugarritutako Europan bizi dugun une historiko honek dakarrenaz konsziente garenok nazi-faxismoa bizi-bizirik dirauela dakigu, Maidango borroketan ibilitakoak, Estatu Batuetako eta Europar Batasuneko monopolista handien ehiza-txakurrak baino ez direla dakigun bezala. Odessako gertaerek Europa osoko mugimendu antifaxista kalera ateratzea eragin zuten. Arrakasta handiagoaz ala apalagoaz, denok sentitu ginen erasotuta eta denok saiatu ginen gure indarren araberako salaketa egiten. Donbasseko errepubliken defentsan aritzen diren milizianoen ausardiak, bertoko herriaren duintasuna eta defendatzen duten kausaren erabateko zilegitasunak mundo osoko bolondresak eraman ditu Donbassera, bertan sorosle lanetan edo milizietan jardutera, duela 80 urte estatu espainoleko guda antifaxistara etorritako Nazioarteko Brigadisten eredua gure mendean biziberrituz. Banda Bassotti Erromako musika talde ezagunak bultzatuta, elkartasun karabanak antolatu dira urtez-urte, sorospena ematera eta Europa osoko antifaxiston maitasuna eta gertutasuna adieraztera abiatu direlarik. Aurten ere, bertan izan dira karabanako kideak eta Donbassetik atera bezain pronto euren aurkako 50 bat atxilotze agindu eta extradizio eskaera luzatu dizkie Ukrainako gobernuak Europar Batasuneko kideei. 

Ezkerraldean, Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezala, hirugarren urtea da sentsibilizazio eta ohartaratze kanpainak burutzen ditugula. Europako saskibaloi txapelketa ospatu zenean BECen elkarretaratze handia burutu egin zen Ukrainak jokatzen zuen egunean bertan.



BECen elkarretaratze antifaxista

Ezkerraldea Antifaxistari dagokionez, hitzaldiak, bideo-emanaldiak, elkartasun margoziak, laguntza ekonomikoa bideratzeko kontzertuak, material salmenta eta giza-laguntza bilketen antolaketarekin burutu dugu gure ekarpena. Bilbon Privat Bank banketxe ukrainar eta sionistak duen egoitzaren atarian elkarretaratzea burutu genuen ere bai. EH-Donbass komitearekin elkarlanean ari gara eta, gure indarrek baimendutakoaren baitan, saiatu egiten gara gai hau oharkabean pasatzen ez uzten eta inperialistek hango errealitateari ezarritako harresi informatiboa pitzatzen eta horrela jarraituko dugu egiten Donbasseko lurraldea bakean ikusi arte.



Bilbon Privat Bank banketxe ukrainar eta sionistak duen egoitzaren atarian elkarretaratze antifaxista


2017an Ezkerraldea Antifaxistak batutako laguntza


2017an Portugaleten eginiko margoketa

https://ezkerraldeaantifaxista.blogspot.com/2016/03/donacioenes-desde-ezkerraldea-para.html
2016an zehar Ezkerraldea Antifaxistak batutako laguntza

Guretzat, fronte antiinperialista eta langile elkartasunaren adierazpena borroka antifaxistaren parte zatiezin eta ukaezinak dira, betebehar hutsa.

Horregatik saiatu egiten gara beti eta printzipioz, gure lurraldean ematen diren gertakariak beste latitudeetako gertakariekin uztartzen, langileok aberri bakarra osatzen dugulako munduan eta gutakoak erasotzen dituzten bakoitzean elkartasuna adierazten dugunean ohartzen garelako nor dagoen elkartasuna adierazteko prest, nor inperialisten leloak errepikatzen eta nor erdibideko jarrera epel, hipokrita eta koldarrak defendatzen. Zentzu honetan, jasaten dugun terrorismo informatiboaren kutsadura noraino dagoen zabalduta salatze aldera, bereziki tamalgarria eta arbuiagarria iruditzen zaigu urrun geratzen hasten diren beste garai batzuetan inperialismoaren aurkako ildo argia sostengatzen zuen herri sektore zabal baten oinordetza historikoa bere egiten duen mugimenduaren egunkaria den GARAk Donbass, Siria, Libia edo Venezuelaren aurkako eraso inperialista eta faxisten inguruan ematen ari den trataera lotsagarri eta mingarria. Esan gabe doa guretzako, euskal sozialdemokraziaren sektore baten egitasmoen beste adibide argigarri bat  baino ez dela hau.  

Tamalez, pairatzen ari garen Hirugarren Mundu Gerraren agertokietako bat dugu Donbass eta ez dugu uste inperialistek eta euren txakur nazi-faxistek debalde altxatuko diotenik gerra egoera. Izan ere, Maidanen emandako oso antzeko mugimenduak ari gara somatzen Venezuelako “oposizio demokratikoaren” aldetik Sobiet Batasunean gertatu bezala, langileriak batasuna eta elkartasunaren bidetik baino ez du lortuko, masa-hilketak ikusten ohituta gaituen kapitalismoaren deskonposaketak eta berarekin dakartzan gerra egoerek ezaugarritutako aro hau gainditzea. Eutsi gogor Donbass! ¡No pasarán!
Informazio gehiago EH-Donbass Komiteko web gune eta bere esteketan:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina